Zeramika erronkak bezainbeste gustatzen zaigulako sortu genuen Pott.

Ikasketak amaitzean, lurra lantzeko grinak aurrera pauso bat eman zuen, eta tailer bat sortzeko eta bertan lan egiteko ilusioak xurgatu gintuen. Kalitate handiko pieza errepikaezinak sortu nahi genituen, egunerokotasunaz gozatzeko. Kontatzeko asko geneukan eta transmititzeko bide bat: zeramika.

 

Inkonformistak ginen (eta gara), geldiezinak eta (pixka bat) burugogorrak, beraz, ez genuen etsi gure lehen tailerra ireki arte. Harrezkero Itsason bizi eta lan egiten dugu, Gipuzkoako bihotzean, naturaz eta konpainia onez inguratuta; inspirazio- eta sorkuntza-lekua.


El estudio Pott Keramika en Itsaso

Aztarna duten piezak

Sortzen dugun pieza bakoitzak gure aztarna darama, munduaren gure ikuspegi pertsonala. Gutaz, gure inguruaz eta gure kulturaz hitz egiten dute. Gure amamei maitasunez entzun dizkiegun pasadizoak ere kontatzen ditugu. Horrela, pieza bakoitzak zurekin partekatzea gustatuko litzaigukeen istorio bat gordetzen du.

 

25 urte hauetan lortutako esperientziarekin, gure lan egiteko modua eraldatu dugu. Halaber, hasieratik Pott definitu zuen esentzia mantendu dugu: eskuz eginiko produktu bakarrak, errepikaezinak eta pertsonalizatuak sortzea, sortze prozesu osoa mimoz zainduz. Urteak pasa badira ere, labea ireki eta emaitza ikusteko uneak hunkitzen jarraitzen gaitu.

 

Eta zuk, ezagutzen al duzu pieza bakoitzaren atzean dagoen istorioa?


Pinceles, pruebas de esmalte y plato de barro del estudio Pott Keramika


Kaixo, Maite eta Jone gara, proiektu honen atzean dauden zeramikariak.

Eskuak lokaztuta ezagutu genuen elkar, nola bestela? Debako Arte eta Artisautza eskolan bat egin genuen. Oso desberdinak izan arren, buztina lantzeko grinak eta milaka urteko ofizioa mantentzeko gogoak batu gintuen.

 


Jone y Maite junto a sus obras de cerámica

Hurrengo pausoak Manisesen (Valentzia) eman genituen; ezagutza gehiago geureganatu ahala, tailer bat sortzearen ideiak geroz eta gehiago erakartzen gintuen.

Eta hala egin genuen. Itsasoko eskola zaharra eskaini zigutenean gauzatu zen gure ilusioa. Bigarren eskuko materialez eta gogo biziz hornituta, Maiteren amaren jaioterrira joan ginen bizitzera. Giro euritsu eta itsasoarren ongietorri bero-beroarekin jaio zen Pott.

2004an, euskal zeramikari batzuk EKG (Euskal Keramikagile Garaikideak) kolektiboa sortu genuen. Bere sorreratik ekitaldi, ikastaro eta erakusketak proposatzen, antolatzen eta egiten jarraitzen dugu, egungo zeramika garaikidearen egoera dinamizatzen eta bultzatzen duen elkarrizketa eta ulermen gune bat sortzeko helburuarekin.


Maite Salutregi Aramendi

1963, Eibar

Maite Salutegi Aramendi

Institutuan, niretzat garrantzitsuak ziren marrazki abstraktuak egiten nituen, eta gaur egun garrantzitsuak izaten jarraitzen dute, nire lanean geroago gauzatuko ditudan ideiak harrapatzen dituzten zirriborroak baitira; zeramikaria eta eskultorea naiz. 25 urterekin Debako Arte eskolan zeramika ezagutu nuen eta handik bi urtera, jakin-minak Manisesera eraman ninduen; bost urtez, zeramika artistikoaren sarea ezagutu nuen, baita makineria eta diziplina honetako hornitzaile eta profesionalak ere, mundu liluragarria.

Itsason, Jonerekin batera, gure ilusio handienari forma eman genion: gure espazio propioa izateari. Pott Keramika sortu eta gure abenturari hasiera eman genion.

Ikaskuntza etengabea izan da; helduei zein haurrei ikastaroak emateak ilusioa ematen digu eta gure lanari beste zentzu bat eransten dio. Bestalde, gure bezeroek aurkezten dizkiguten erronkek gure sormen lana sustatzen dute.

Artearen munduak, arte-eremuak, duela gutxi Leioako EHUn egin dudan bidea markatu du. Arte GraduaEskulturako Minorrarekin amaitu nuen, heldutasunetik asko gozatu nuen bidaia izanik.

Eskuratu ditudan tresna berriek segurtasuna ematen didate, galdera eta hausnarketei erantzuna ematen dien pieza gorpuzdunak eraikitzen ditudanean.

Ohar pertsonala: baratza lantzea, fruituak jasotzea eta maitasunez egindako katilu batean dastatzea gustatzen zait.


Jone Urain Larrañaga

Jone Urain Larrañaga

1967, Mendaro

1996an, UBI (COU) amaitzear eta zein norabide hartu oso ondo jakin gabe, Debako (Gipuzkoa) artisau-ikasketen zentroko promozio batera joateko zortea izan nuen, non eskolako lanen diapositiba batzuk (duela horrenbeste denbora izan zen!) erakutsi zizkigun. Gogoan ditut teontzien irudiak; forma biribildu eta esmalte itzel haiek liluratu egin ninduten, eta bide hori hastea erabaki nuen.

 

Buztina eta Maiterekin egindako ibilbide luze honetan –3 urte Debako eskolan, beste hiru Manisesen (Valentzia) eta 25 Pott Keramikan–,  esperimentatzen joan naiz, ezagutzak eskuratuz eta teknika zeramiko berriak ezagutuz, hobeto lan egin eta nire premiak asetzeko, forma eta akabera berriak sortuz.

 

Ohar pertsonala: Kolore berdea eta kanela eta izpilikuaren usaina ditut gogoko; bestalde, harritzen nauten artista, zeramikari edo literatura-egileak ezagutzea gustatzen zait.